| AURKEZPENA |
| PENTSAMENDU
UNIBERTSALEKO KLASIKOAK EUSKARAZ. Azken hamarkada hauetan euskararen bateratze eta
garatze gaiari heldu izan zaion bakoitzean, ia hutsik egin gabe aipatu
izan da gure hizkuntzak bere burua gaitu beharra daukala beste edozeinek
bezalaxe, linguistikoki normalduriko gizarte batean dituen betekizun guztietarako.
Ukaezina da zentzu horretan erakunde publiko eta pribatuek egin duten
ahalegina, eta bide horretatik eman diren pausoen adierazgarri dira urtero
gure artean argitaratzen diren ia mila titulu horiek.
Baina hori aitortu ondoren, oraindik esan beharra dago euskaldun askori izugarri zail, ia ezinezko gertatzen zaigula kultur bizitza asegarri bat izatea, horretarako behar adinako oinegiturarik ez daukagulako. Gauzak horrela badaude, alde batetik, gure kultur produkzioa urria delako da, eta bestetik, Jaufré Rubel trobadorearen hitzak erabiliz, euskara oraindik "urrunekoaren ostatu" (auberge du lointain) eroso izatera iritsi ez delako, hau da, gure hizkuntzak mendebaldeko kultura honen oinarrian dauden pentsamendu unibertsaleko obra gailenak zuzenean eta sistematikoki berengantu ez dituelako. Gaur egungo euskal gizarteak, Mendebaldeko kultur eremuan kokaturik dagoenak, erro grekolatindarretatik eta ondorengo mendeetan haietatik abiatuz gure egunotara arte izan duen aberaste filosofiko eta zientifikotik hartzen du bere bizi-iraina. Euskal kulturak, bere ahalbide apalen arabera, altxor horri noizean behin bere ekarpenak egin izan dizkionak, bere ingurunearekiko harreman jariakorrik lortzen ez badu, ez gaztelania eta frantsesaren bidez bakarrik, baita euskararen bitartez ere, ezin izango die etorkizuneko erronkei behar bezala erantzun, eta zimeldu eta ilauntzea beste irtenbiderik ez du izango datozen hamarkadetan. |
|
|