ERAGINA
"PENTSAMENDUAREN KLASIKOAK" BILDUMAREN ERAGINA.
Aipaturiko ezaugarriak dituen "Pentsamenduaren Klasikoak" bezalako bilduma batek eragin eta ondorio ugari ditu beti, baina bi azpimarratu nahi ditugu hemen dute garrantziarengatik: alde batetik, jadanik esan denez, bibliografi oinegitura, irakaskuntza ertain eta unibertsitarioan beharrezkoa dena sortuko du, aldi berean komunikabidetako kultur erreferentziak orokorrean erraztuz, eta entseiugintza eta literatur sorkuntzarako ere material garrantzitsuak eskuratuz. Bestalde, hizkuntzaren batasunari egundoko bultzada emango dio prosa filosofiko-zientifikoa, batipat, garatuz, aldi berean euskara batua euskalkietatiko ekarpen ugari eta aberasgarriez finkatuz. Itzultzaile bakoitzak aurrez aurre izango duen erronkari erantzuteko ahaleginean, hiztegia aberastu eta sintaxia malgutu ez ezik, tradiziozko altxorra nabarmen haziko da jatorri desberdinetako mailegu eta kalkoekin.

Azkenik, dozenaerdi bat hizkuntzatan (greko, latin, frantses, ingeles, aleman, italiera, espainol, eta abarretan) hogeita hamarren bat itzultzaile trebatu izateak, beste hainbeste gainbegiratzailerekin orain arte inoiz ez bezalako hizkuntza arragoa sortuko da, itzulpengintzako makineria oliotuz, etorkizuneko urteetan beste hainbat lan interesgarri itzuliz kultur zubigintzan aritzeko. Hau eta beste gauza asko esan liteke "Pentsamenduaren Klasikoak" bildumaz, ia amets utopiko izatetik, mendebaldeko kulturak garatu dituen fruitu umoenak euskal kulturarako biltzen dituen uztamakina izatera epe laburrean iritsi den sorta horretaz.

Aipaturiko proiektua ahalbidetu duen lukro-asmorik gabeko sozietatea Klasikoak, S.A. da eta 1991eko irailean eratu zen Fundación BBVA, Euskal Autonomi Elkarteko Aurrezki Kutxen (BBK, Kutxa, eta Vital) eta Euskal Herriko eta Deustuko Unibertsitateen ekimen partekatuaren ondorio gisa. .