| HELBURUAK |
| ERRONKA
ETA NORABIDE BERRIAK. Euskal Herrian, eta euskararen normalkuntzari dagokionez
eman diren urrats nagusien azterketa bat eginez gero, berehala nabarmentzen
da aurrerapenik erabakiorrena irakaskuntzaren alorrean burutu dela eta bertan
aldian sortu diren eskariek erantzun egokia hartu izan dutela, nahiz eta
irakasliburugintzan egin den ahalegin eskerga gorabehera, beti premia guztiak
erabat asetzea oraindik lortu ez den. Bestalde, parez pare eta era paradoxazko
samarrean, eskari eta beharrizan berriak pixkanaka gehituz joan dira, euskara
bitarteko dutelako goi-mailako irakaskuntzara iristen diren belaunaldiek,
irakaskuntza ertainetan eta unibertsitatean bibliografi oinegiturak daukan
ahulezia eta asistematikotasuna agerian jarri duten legez. Kantitatez eta
kalitatez egin den ahalegin nabaria gorabehera, urte luzeetan euskara eta
euskaraz ikasten jardun ondoren, gure gazteak beren kultur hedabideak ia
bertan behera uztera edo izugarri murriztera beharturik aurkitu izan dira,
gaztelaniazko edo frantsesezko bibliografi eskaintzara jo behar izan dutelako,
hezkuntzako lehen etapetan hasitako kultur garapen elebiduna egoki jarraitzeko,
euskarazko oinegiturarik ez izatean. Goi-mailako irakaskuntzan aurrera egiteko ahalbide faltaz trabaturik gelditze hori, gure herriak ordain ez dezakeen luxua da, are gutxiago gure identidate-zantzu guztiekin Europan sartu nahi badugu. Horregatik, ezinbestekoa zirudien, Unibertsitatearen barruan eta kanpoan sortu diren banako eta taldeen indar-ekimen guztiak biltzea garai guztietako pentsamendu-obra nagusienen bilduma bat diseinatu, itzuli eta argitaratzeko, eta horrela etorkizuneko euskal kulturgintzari eustazpi sendoa ezartzeko. |
|
|